XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

MOZART`EN REQUIEM-A BAIONAKO KATEDRALEAN

Otsailaren 12`an, Baionako katedralean, Les Amis de la Musique elkartearen eraginez W.A. MOZART`en Requiema entzun ahal izan genuen.

Partaideak: Baionako orkesta, Irungo Ametsa korala, bakarkazkoak edo solistak: Michele Command sopranoa, Hanna Schaerl kontraltoa, Alastair Thomson tenorea eta Xabier Tamalet basea.

Dena Baionako Orkestako zuzendaria den Daniel Dechicoren gidaritza pean.

Bederatzietan zen kontzertua.

Gu laurden gutxiagotan han ginen eta sekulako jende andana bat zebilen sartu nahian.

Honekin katedrala bete beterik egon zela adierazi nahi dut.

Eta arrazoiarekin, zeren kontzerto honek merezi zuen etxetik ateratzea.

Interpreteetaz mintzatu baino lehen, obrari buruz hitz batzu esanen ditugu.

Mozart`ek 1791`ko uztailan Walsegg kontearen agindu bat hartu zuen.

Hain zuzen, Requiem meza bat egin zezan.

Kontratoaren barnean egilearen anonimotasuna gordetzea eskatzen zitzaion eta horregatik aitzinetik ordaindua izan zen.

Txirula Lauragarria (La flute enchantée) opera konposatzen ari zen momentu horretan Mozart, eta bururatu gabe zuelarik, Requiem mezari hasera eman zion.

Introito eta Kirie eginak zituenean, eta Dies Israe ere hasia, Bohemiako estatuetatik opera baten egiteko deitua izan zen.

Hilabete bat bakarrik ematen zioten La Clemence de Titus konposatzeko.

Izan ere Leopoldo II`garrena Bohemiako errege gantzutuko zuen festarako behar bait zuten.

Mozart Requiem`a utzi eta Pragara joaiten da opera horren egiteko eta hiru astetan bururatzen du.

Vienara itzultzearekin Txirula liluragarriaren azken zatiak konposatzen ditu.

Irailaren hogeita hamarrean eman behar bait zuten.

Urriaren haseran klarinetearentzako kontzertuari ekiten dio eta Urriaren erdi aldean bakarrik berriz helduko dio utzitako Requiem lanari.

Confutatis, Recordare, eta Offertoire parteak egiten hasten da baina berriz uzten du azaroko hilean Cantate maconique idazteko.

Baina Mozart eri da, eta hiltzera eramaten duen eritasunakin.

Abenduaren bostean (1.791) uzten du mundu hau eta Requiem`a bururatu gabe gelditu zen.

Honela bere ikasle kutuna zen Sussmayer`ek finitu behar izan zuen.

Lacrimosaren zati bat,Santu, Benedictus eta Agnus Dei osorik egin zituen.

Baita beste zati batzuen orkestazinoak ere.

Sussmayer`en lana zinez fidela da eta apaltasun haundia agertzen du Mozart`enganako.

Horren froga bezala esan dezakegu espezialistentzako ere zaila dela maixu eta ikaslearen artean ezberdintasunak igertzea.

Zernahi gisaz musikako obra eder baten aurrean gaudela esan behar dugu eta horrela sentitu genuen Baionako katedralean ginen jende andanak.

Izan ere autore baten obraren ispiritua publikoari pasa arazteko interpretazio on bat behar da.

Eta nahiz eta ez zen izan oso berdina partaide guzien ekarria, Requiem`a, batez ere, koraleko obra bat delarik, Irungo Ametsa koralak benetan publikoa hunkitzera heldu zela esan behar dugu.

Ehun bat kantarik, gizon eta emaztek, egiten dute korala.

Abots ederrak eta landuak dituzte, emankorrak eta betegarriak fortetan eta ezinbesteko finak eta hunkigarriak pianissimoetan.

Benetan lan ederra egiten ari direna kantari hauek, Fernando Etxepare gidari dutela.

Publikoak ere horrela ikusi zuen zeren txalo beroenak Ametsa koralentzako izan ziren.

Bakarkazkoek edo solistek nahiko ezberdin eman zuten beren lana.

Michele Command izan zen ezpairik gabe hoberena.

Soprano abots ederra du eta segurantza handiarekin kantatu zuen.

Tenorea aldiz, benetan gaizki ari izan zen.

Kontraltoa eta basea doi doi pasatzekoak.

Bukatzeko bi gauza azpimarratu nahi nituzke.

Bata, eta holako kontzertuetan gauza berria dena, gazte andana bat ba zela.

Bigarrena, euskarazko kultur manifestapenen inguruan mugitu ohi direnen presentzia txikia.

MAITE IDIRIN.